Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere sorreraren hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko bultzatutako erakusketa, “25 urteko bizialdia” izenburua duena, honako toki hauetan ikusi ahalko da aurrerantzean: Osasun Ikasketen Eskolan, irailean; Sanduzelaiko Civivox aretoan, urrian; Nafarroako Parlamentuan, azaroan; eta Tuterako kanpusean, abenduan.
Erakusketa lau paralelepipedo handitan antolatuta dago. Lehenbizikoan NUPen sorrera eta eraikuntza prozesua erakusten da, eraikin esanguratsuenen obren irudiak eta Nafarroako Parlamentuak onetsitako Legea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman zenekoa, esaterako. Bigarren egitura Unibertsitatearen jarduera akademikoari buruzkoa da. Izan ere, daramatzan 25 urteetan ia 23.000 tituludun atera dira, eta gaur egun 18 gradu eta hogeita hamar bat master eskaintzen dira.
Ikerketa eta jakintza gizarteratzea da hirugarren blokearen izenburua. Bertan aztertzen da ehun ikerketa taldek baino gehiagok Arrosadiko campuseko ikastegietan egindako lana: Agrobioteknologia Institutuan eta Jerónimo de Ayanz Elektronika eta Komunikazioetako I+G Zentroan. Azken panela ikasgeletatik haragoko unibertsitate bizimoduaz ari da, eta bertan erakusten dira NUPen 1987an sortu zenetik egin diren kultura jarduerak, osasuna sustatzeko, gizarte ekintzako edo boluntariotzako jarduerak.
Erakusketan protagonismoa eman nahi izan zaie unibertsitate komunitatea osatzen duten kideei ere, eta horretarako, paralelepipedoetako bakoitzean ikasleei, irakasleei, administrazio eta zerbitzuetako langileei egindako elkarrizketak daude, eta Unibertsitateari buruzko bizipenak eta esperientziak azaltzen dira.